Kontsultan sarri ikusten diren patologiak izaten dira tendinopatiak, eta gehienetan hainbat galdera dakartzate beraiekin. Lehenetarikoa hauxe izaten da: “ Baina zer dira tendoiak? Ligamentuan berdinak dira? Nerbioak?”

Teknikoki, tendoia batik bat kolagenoz osatuta dagoen estruktura fibroso bat da, giharrak hezurrekin konektatzen dituena. Giharrak generatzen duen indarra hezurrera transmititzen du, mugimendua sortzeko. Hau da, giharraren hedapen bat dela esan daiteke, palanka funtzioa egiten duena.

Estruktura oso sendoak dira, baina gainkargarekin eta mugimendu errepikakorrekin hainbat lesio jasan ditzakete. Tendoiek sufritzen duten edozein kalte edo lesio tendinopatia bat da, baina horren barruan patologia ezberdinak daude.

Ohikoenak tendinitisa eta tendinosia dira. Osasungintzan, “-itis” atzizkiak hantura edo inflamazioa esan nahi du, beraz, tendinitisa tendoiaren inflamazioa da.

Bestalde, “-osis” atzizkiak endekapen edo degenerazioa esan nahi du, hau da, tendoien degenerazioa da tendinosia.

Baina nola ematen dira tendinopatiak? Eta zer egin daiteke hauek aurreikusi eta tratatzeko?

Tendinitisaren kasuan, orokorrean gehiegizko kargagatik ematen dira, normalean mugimendu eta karga bat sarritan errepikatzen denean. Gehiegizko mugimendu errepikakorrek, karga handiegiarekin lotuta, tendoiaren estruktura kaltetu dezakete ez baldin badugu zaintzen. Ondorioz, inflamazio bat ematen da, mina, sentsibilitatea eta indar falta eraginez.

Tendinitisetan, mina gauetan ere ageri daiteke.

Tendinosia, aldiz, ez da hain prozesu akutua, eta urte askotan zehar tendoiarengan eragindako karga errepikakorrek eragiten duten endekapena da. Kasu hauetan ez da inflamazioa ematen, edo ez horrenbestekoa behintzat, baina ehunean aldaketa eta alterazioak ematen dira denboran zehar. Tendinosietan, mina ez da hain akutua edo intentsoa izaten (hala ere, mina ematen dute), baina mugimenduetan limitazioa eta indar falta modu progresiboan agertzen dira, eta errekuperazio prozesuak motelagoak izaten dira. 

Bi kasuetan, lesioaren kausa multifaktoriala izan ohi da. Mugimendu errepikakorrak eta gainkargak izaten dira garrantzisuenak, baina kirolean teknika txarra, tendoien kalitate txarra bizi kalitate ez osasuntsu baten ondorioz, eta zahartze prozesuak berak eragiten dute.

Tratamentuari dagokionez, hasierako fase akutuetan, min gehien dagoen momentuetan, medikazio bitartez kontrolatu daiteke mina eta hantura, baina epe luzerako tratamentua fisioterapian eta batez ere ariketa terapeutiko progresio baten oinarritzen da. Tratamentu kirurgikoa azken aukera bezela erabiltzen da, normalean jadanik tendoiak apurtuta daudenean. 

Fisioterapeuta batek gidatutako ariketa plan egokiarekin, giharrak eta tendoiak osasuntsu eta indartsu mantenduko ditugu, honela mina murriztuz, endekapena motelduz eta gure funtzioa bermatuz. 

___________________________________________

Manu Álvarez Elola

Athlon Bizkar Kliniketako Fisioterapeuta

This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.