Minbiziaren aurrean indartsu

Ariketa fisikoa, tratamenduaren oinarri nagusia

Minbizia duten edo izan duten pertsonek askotan erronka fisiko eta emozional handiei egin behar diete aurre. Tratamenduek gorputza ahuldu dezakete, nekea areagotu eta eguneroko jarduerak zaildu. Testuinguru horretan sortu da “Minbiziaren aurrean Indartsu” programa: ariketa fisikoa tresna terapeutiko gisa erabiltzen duen esku-hartze multidiziplinarra, Athloneko zerbitzu ezberdinez osatutakoa.

Ariketa fisikoaren onura nagusiak

Azken urteetako ikerketek argi erakutsi dute ariketa fisikoak onura handiak dituela minbizia duten pertsonengan. Kirol Medikuntzako Amerikako Elkartearen (ACSM) arabera, jarduera fisikoa egiten duten pazienteek ondorengoa lortzen dute:

  • Biziraupen handiagoa minbizi mota askotan
  • Berrerortze eta heriotza-arrisku txikiagoa
  • Tratamenduen albo-ondorio arinagoak
  • Minbiziarekin lotutako nekea murriztea
  • Indar muskularra  hobetzea
  • Sistema immunologikoa erregulatzea
  • Osasun kardiobaskularra babestea
  • Hezur-osasuna mantentzea
  • Mina eta ondoeza muskularra arintzea
  • Bizi-kalitatea nabarmen hobetzea

Horregatik, gaur egun badakigu ariketa fisikoa ez dela osagarri hutsa, baizik eta tratamenduaren parte aktiboa izan daitekeela.

Pertsona bat, prozesu bat

“Minbiziaren aurrean Indartsu” programaren oinarria tratamenduaren inidibidualizaio eta pertsonalizazioa da. Minbiziaren prozesua eta bizipena ez dira berdinak pertsona guztientzat, eta horregatik, ariketa-programak ere ezin dira estandarizatu.

Programa hasi aurretik, paziente bakoitzak hasierako balorazio funtzionala egiten du, eta horren arabera diseinatzen da bere ariketa plana. Prozesu guztia osasun eta jarduera fisikoko profesionalek gainbegiratzen dute.

Talde multidiziplinarra

Programak hainbat profesionalen arteko elkarlana sustatzen du:

  • Fisioterapeutak, balorazio eta ariketa terapeutikoaren arduradunak. (Bizkar klinikak). Lehen arrera bizkar klinikan egindako balorazio muskulu-eskeletiko eta funtzional bidez.
  • Jarduera fisikoaren orientatzaileak, jarduera autonomoa planifikatzeko (SOAF).  Erabiltzaile orori norbere kabuz egiteko jarduera fisiko plangintza osagarri bat prestatzea eta horren jarraipena egitea da helburu nagusia. Horrez gain, erabiltzaileei balorazio funtzionala egiteaz arduratuko da. Gaitasun funtzionala baloratzeko test-ak, 2. astean, 10. astean eta 23. astean burutuko dira, erabiltzaileak programan aritu diren bitartean izan duten progresioa baloratzeko.
  • Fitness monitoreak, entrenamendu saioen gidaritzan (Ibarra kiroldegiko monitoreak). Garatuko den ariketa fisikoaren programak 20 asteko iraupena izango du, eta ariketa aerobikoaren eta indar-ariketen konbinazioz osatutako saioak barne hartuko ditu.

Programaren jarraipena egiteko, inplikatutako profesionalak 8 astero (gora-behera) bilduko gara. Helburua argia da: ariketa fisikoa modu seguru, eraginkor eta jarraituan integratzea pazientearen egunerokoan.

Helburua: autonomia eta bizi-kalitatea

Sei hilabeteko iraupena duen programa honek ez du soilik hobekuntza fisikoa bilatzen. Helburua da pazienteek:

  • Ariketa fisikoaren garrantzia ulertzea
  • Ohitura aktiboak barneratzea
  • Programa amaitu ondoren ere jarduera fisikoa modu autonomoan mantentzea

Azken finean, indartsuago sentitzea, bai fisikoki eta baita emozionalki ere.

Gaur egun badakigu: ariketa fisikoa, ondo egokitua eta profesionalek gainbegiratua dagoenean, osasunerako aliatu indartsua da minbiziaren aurrean.

_______________________________

Ainhoa Gonzalez eta Miren Larrañaga

Hauek ere interesa sortu dute...

This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.